XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GAZTEAK AFRIKARAT ZERTAKO EZ?

Azken xehetasunak

Kaseta huntan berean aipatu dut, duela 3 aste, bazter kurritzea maite duten gure gazteri, Afrika aldean 2 urtez egin dezaketen egonaldi balios baten parada paregabea...

Nun dira orai, nik egin galdea entzun dutenak? Nun dira galde hori barreatu dutenak beren ezaguneri? Nork ihardetsiko du galde horri?

Gazteak odol baduela... Gaztea ez dela lotsa lur arrotzetan ibiltzeko... Ikusiko dugu orai nun diren Eskual Herrian trenpu hortako mutikoak!

Bainan nor da xuxen jadanik aipatua dutan Afrikako egonaldiaren egitera joaiten ahalko?

- Soldadogoa egina dutenak. Beraz 21 edo 22 urte dituzten gazteak.

Zonbat denborarentzat joanen dira harat?

- Nahi duten artio... Hango lanaz edo bizi moldeaz gustatzen ez direnak haatik, bi urtheren buruan etxe alde libro izanen dira. Bertzenaz ere egonaldi hori bi urterentzat fitsatua da paperretan.

Zonbat irabaziko dute bi urte horietan?

- Gure edozoin etxalde edo lantegitan bezanbat. Hilabeteko 80 mila liberako hori. Eta bertzalde, gibelerat jin ondoan, hunkituko dute han pasatu hilabete bezenbat 30.000 liberako: heldu baita, bi urteren buruan, 700 mila liberaz goiti.

Errazue ez dela hain gaizki! Alokairu horrekin egin ditake nik uste sakelako sos pollita. Ez duzue uste?

Zer izanen da harat joanen direnen lana?

- Herriz herri ibilzea hemengo laborantza molde berrien erakusten hango laborari gazte edo adinetakoeri, hemengo gure Conseillers agricoles-en moldean.

Lan hortako ez da diploma handi bearrik. C.A.P. bat bera mila izanen da hango.

Bixtan da eskola geiago duena ez dela gaizkiago ikusia izanen...

Ene gostuko, diploma bat baino bearrezkoago da lehenik gazte funtsezko bat, izpirituz edozoin problemari idekia dena eta horrekin bihotz barnetik lan egitera indar egiten duena.

Eta nun ez dira gure Eskual Herrian traka hortako gazteak? Beraz, joan bi urte laburrentzat Afrikara!!

Beren izena ezagutarazi eta, Afrikara joan nahi dutenek 6 egunez egonaldi labur bat eginen dute Parise ondoan, edo berdin hurbilago, armadarat joaitean bezala osagarriz edo jitez Afrika barnean bizitzeko on direnetz jakin dezaten jaun batzuek: ez da hor ere izitzekorik deus, holako bat baitute ikusirik soldado egonak direnek!

Egonaldi hortan bons pour l'Afrique direnek stage bat eginen dute, gero beren lan berriari buruz eta ere egon leku berriari buruz emanak izanen zaizkoten xehetasun batzuen alxatzeko.

Hortik landa, jo Afrikarat!

Edozoin gaztentzat esperientzia hoberik ez da azken aldian erran nuen bezala, 150 gazte badira esperientzia berari lotu direnak.

Joanden astean, Mugaz bertzaldeko Eskual Herritik ukaiten dutan Zeruko Argia kaseta eskualdunean ere irakurtu dut 15 bat mutiko eta neskato joan direla gisa bereko lanerat Nabarra, Gipuzkoa eta Bizkaiako probintzietarik.

Hori da hori eder eletan baino hobeki obretan jende beardunari laguntza ekarri nahi duten guzientzat!

Are Peio, are Andre... eta bertzeak, ez egon ametsetan; abia, abia... ongi eginaz ez du nehork urrikirik! Are, ABIA!